viernes, 17 de diciembre de 2010

You Tube, enpresa handien baliabide indartsua

You Tube bihurtu da ikusentzunezko edukien oinarri. Bertan aurki daitezke inon baino bideo gehiago, eta bertara jotzen du bideo bat ikusi edo eskuratu nahi duen edonork. Erreferentzia nagusi bat dute ikusentzunezkoek.
You Tube-k, gainera, prosumerren etorrera bultzatu du. Izan ere, lehen kontsumitzaile soila zena interneten, gaur egun ekoizlea ere bada, bideo horien produkzioan jarduten du. Baina ez hori bakarrik, edzeinek du bere bideoei etekina ateratzeko aukera. Bideo arrakastatsu bat eginez gero, gure produkzioari etekin ekonomikoa aterako diogu, ziur aski. Publizitatea jarriko digute eta, ordutik aurrera, ikustaldi bakoitzarengatik diru pixka bat eskuratuko dugu.
Aukera hori, ordea, ez dago soilik prosumerrentzat. Enpresa handiek ere egin ditzakete euren bideoak,   You Tube-ra igo eta publizitatearen bitartez dirua irabazi. Eta hala egiten dute. Ikusentzunezkoak ekoizten dituzten enpresa askok etekina ateratzen diote You Tube-ri, kantarien etab.-en bitartez. Hor dugu Lady Gaga-ren kasua, esate baterako. Bere bideoek milaka edo milioika ikustaldi dituzte.
Beraz, You Tube prosumerrentzako baliabide interesgarria izan daiteke, baina enpresa handiek aterako diote etekin gehien.

jueves, 16 de diciembre de 2010

Hondarribiako harresi zaharren atzean ezkutatzen da Hondarribiako gaztelua, hamaika bataila bizi ostean Paradore bilakatu zena.



Egileak: Dennis Sorondo eta Beñat Los Arcos

Iturrien erabilpena, oso eskasa; jai dugu!

Javier Mayoralek bere "Radio y TV: ni siquiera una fuente por medio" artikuluan azaltzen du, beste ikerketa batek lortutako datuak eskainiz, irratian eta telebistan oso iturri gutxi erabiltzen direla. Beraz, albisteak lantzeko modua ez da egokiena izango, ezta informazioa oso sinesgarria ere. Eta gainera, gaur egun dagoen informazio agentzia eskasia kontuan hartzen badugu, egoera are larriagoa da.
Mayoralek berak azaltzen duen bezala, iturri erabilpen eskasia horren lehen ondorioa informazioa ez kontrastatzea da. Izan ere, ikerketa horrek aztertutako irrati eta telebista bakoitzak 0,71 iturri erabiltzen ditu bere albistegiak osatzeko. Bakar bat baino gutxiago!!! Horrela, beraz, ezinezkoa da informazioa konprobatzea eta kontrastatzea. Bakarra baduzu, horrena sinistuko duzu, noski. Prentsaren kasuan ere, panorama ez da hobea: 1,33 iturri egunkari bakoitzeko.
Gaur egun, gainera, oso informazio agentzia gutxi daude, eta hedabideek "konpartitu" egiten dituzte. Horrek esan nahi du informazio bera, konprobatua izan gabe, zenbait hedabidek argitaratuko dutela. Beraz, gezur bat sartzen badute, hainbat hedabidek emango dute eta, ondorioz, ikaragarri zabalduko da berri hori.
Agentzia horiek, gainera, estatu gutxi batzuen eskuetan daude, denak boteretsuak. Horrek ondorio argi bat du: beren intereseko informazioa pasako diete hedabideei, eta interesatzen ez zaiena gorde. Horrela, mundu osoko hedabideek estatu boteretsuen intereseko informazioa emango dute eta, berriro diot, kontrastatu gabe. Sinesgarritasuna, beraz, minimoa izango da.
Hedabideek jendeari beren intereseko errealitatea islatzen duten garai honetan, hedabideek ere informazio interesatua jasotzen badute... Zer esango dizuet? Jai dugu!

Gure ikasleak, sarituta

Gure unibertsitateko ikusentzulezko hiru ikaslek laburmetraia komentatuenaren saria eskuratu dute "Concurso de minicortos de Halloween" lehiaketan. Port Aventurak antolatutako lehiaketan lan ederra egin zuten hiruek. Ikusi ezazue!

Lotsagarria baina, agian, eraginkorra

Azkenaldian bueltaka ibili da jendearen ahotan eta baita hedabideetan ere "Manu a Manu" saioan Iñaki Perurena harrijasotzaileari egin zioten elkarrizketa. Arrazoia, ordea, ez da ederrena izan. Eta ez dakit kazetari bati gustatu beharko litzaiokeen halako kontu batengatik ezagun egitea. Baina hala egin du saioaren aurkezleak, Manu Redondok.
Gure gaiak ikusentzunezko edukien azterketa eska dezake, baina kasu honetan ezinezkoa da horretan zentratzea, inguratzen duen guztia kontuan hartuz gero. Hala ere, aipatuko dugu hautatutako lekua (Perurenaren etxe-museo zoragarria) ezinhobea dela, eta irudia ondo hartuta dagoela orohar, nahiz eta aurkezlearen irudiak itzal gehiegi duen. Audioaren aldetik ere arazorik ez.
Baina goazen harira. Argi eta garbi esateko, Manu Redondoren jarrera eta elkarrizketa lotsagarria da erabat. Uneoro dabil probokatu nahian, gai polemikoak atereaz eta txorakeriak galdetuz, eta errespeturik ere ez du erakusten. Aurpegira barre egiten dio historiako harrijasotzaile handienetako bati, handiena ez bada. Jarrera erabat probokatzailea eta errespeturik gabekoa izan zuen aurkezleak elkarrizketa horretan.
Horrez gain, nabari zaio gaiaren inguruan inolako jakintzarik ez duela, eta are grabeagoa dena, ez zen batere dokumentatu elkarrizketa agin aurretik. Hori dela eta, gai nagusitik aldendu eta bestelako kontuak mahairatzen ditu, gehienetan gai polemikoak, absurdoak edo txorakeria hutsak direlarik.
Elkarrizketaren beste aldean Iñaki Perurena dugu, sekulako erakustaldia eman zuena (harriak jasotzen bezalaxe). Lasai mantendu zen (ez dakit nola ez zion zartako bat eman) eta maisutasunez hitz egin zion, bere ezagutza eta aurkezlearen ezjakintasuna agerian utziz.
Lotsagarria izan zen erabat aurkezlearen jarrera. Baina, beharbada, on egingo dio (nola dagoen mundua!). Izan ere, polemika ikustea gustuko du jendeak, eta Manu Redondoren jarrera probokatzaileak erakarri ditzake hurrengo saioak ikusteko. Gainera, ez da ahaztu behar elkarrizketaren bideoak sekulako arrakasta izan duela Youtuben (200.000tik gora bistadizo ditu) eta gizartean orohar, ahoz aho igaro baita elkarrizketa lotsagarri baina, agian, eraginkor hau.

lunes, 13 de diciembre de 2010

Chernobil Elkarteko kideekin solasean

Joan den igandean, Abenduaren 12, Chernobil Elkarteak bilera bat antolatu zuen Donostian, aurretik Gasteizen eta Bilbon egin zuten bezala, datorren udan Ukraniako haurrak hartu nahi dituzten familiei informazioa eskaintzeko. Bertan izan ginen, eta Olatz eta Itziar elkarteko kideei elkarrizketa egin genien. Chernobileko egoeraz, ekartzen dituzten haurrez eta eurak hartzen dituzten familiez hitz egin ziguten.



Eskerrak Chernobil Elkarteari, eta zehazki Olatz eta Itziarri.
Egileak: Beñat Los Arcos eta Dennis Sorondo

jueves, 9 de diciembre de 2010

Interneteko baliabideen Top 100 irakaskuntzarako

Jane Hart irakasleak, urtero bezala, irakaskuntzan gehien erabiltzen diren 100 baliabideen zerrenda argitaratu du. Iaz bezala, Twitter da buruan. Saltorik handiena, aldiz, Dropbox-ek egin du, 71. postutik 13.-era. Bideo honetan azaltzen dugu baliabide interesgarri hau. Ikusi ezazu!


lunes, 22 de noviembre de 2010

eitb.com gunearen RSS zerbitzua

"Really Simple Syndication" delakoak gure webgune gustukoen azken argitalpenen berri izateko aukera ematen digu webgunea bisitatu beharrik izan gabe. Beraz, gure gustuko webguneek informazio berririk argitaratzen badute, gure RSS irakurtzailearen bidez ezagutu ahal izango dugu. Horretarako, RSS zerbitzura harpidetzea beharrezkoa da. Gaur egun, zenbait webgunek eskaintzen dute RSS zerbitzua, batez ere interneteko hedabideek, telebista kateen edo egunkarien webguneek.
Horien artean dugu Euskal Irrati Telebistaren webgunea. EITB-k, bere webgunean, RSS bitartez azken berriak zure interneteko tresnetan edo Google-en orrialdean irakurtzeko aukera eskaintzen digu. Horretarako, pauso erraz batzuk jarraitu bainop ez dugu egin behar. Hona hemen argibideak:
1- eitb.com-en, hasierako orrialdean goialdean agertzen den RSS sinbolo laranja sakatu.
2- Azken albisteak jaso nahi dituguneko arloa aukeratu. EITB-k zenbait arlotan bereizten dizkigu albisteak, bakoitzak gustuko dituen gaiak bakarrik aukeratu ditzan.
3- RSS zerbitzuko albisteak nola jaso nahi ditugun aukeratu. EITB-k hiru modu eskaintzen dizkigu: a) Google-en tresnak; b) Google Reader zerbitzua; c) Interneteko tresnak
Behin bat aukeratuta, webgunea berritzen den bakoitzean jasoko ditugu albisteak. Jakina denez, hedabide bat izanik albisteak, erreportaiak, elkarrizketak eta bestelako kazeta ereduak eskaintzen ditu bere RSS zerbitzuaren bitartez.
EITB-ren albisteak uneoro modu erraz batean jaso nahi badituzue, badakizue: harpidetu eitb.com-en RSS zerbitzura!

Mikel Aiestaran, bere lanbideaz hizketan

Mikel Aiestaran gerrako berriemaileak bere lanaren berri ematen digu bideo honetako hitzaldian. Kazetariak ikasle batzuei ematen die hitzaldia, eta hasieran urduri samar hasten den arren, berehala hartzen du erritmoa eta gertutasunez aurkezten zaie entzuleei.
Berriemaile bereziaren lana egiten duela kontatzen digu, azken orduko albisteen berri emateko denbora tarte laburretarako (30-40 egun) joaten dela albistea sortu deneko herrialdera.
Material ona izatea oso garrantzitsua dela aipatzen du, bai grabatzekoa baina baita bidaltzekoa ere (sateliteak,...). Gainera, gaur egun gerrara eta bestelako gatazketara babestuago doala adierazten du, aseguruak asko hobetu baitira. Oso seguru sentitzen dela dio, ez baitu sekula arazorik izan.
Albisterik ez denean ere, noizbehinka herrialde horietara joaten dela kontatzen digu, batik bat bertako biztanleak eta euren bizimodua ezagutzera. Kazetari moduan herrialde horietara joateko behar diren dokumentu eta bestelakoak zerrendatzen dizkigu: pasaportea, bidai-liburuak, dirua metalikoan...
Berriemaile bereziari, batez ere, azkartasuna eskatzen zaiola aipatzen du, baita kalitatea ere.
Aiestaranek egunkariko kazetarien sorkuntzaren garrantzia aldarrikatzen du, agentziek bidalitakoaren gainetik. Azken hau, bere hitzetan, zaharra da, aurreko egunean, ziur aski, telebista, irrati eta interneteko edizioetan emango baitzuten.
Eta bukatzeko, berak egindako zenbait lan erakusten eta azaltzen dizkigu, argazkiak, bideo-erreportaiak edo idatzizkoak.
http://player.vimeo.com/video/16270899

viernes, 15 de octubre de 2010

Carlos Fernandez Liriari elkarrizketa

http://www.mefeedia.com/watch/31102231

Link honetan ikus daitekeen elkarrizketa Carlos Fernandez Liria filosofoari egina da.
Ikus daitekeenez, leku itxi batean egina dago, eta ez da argi askorik sartzen. Kameraren eta subjektuaren kokapenak argia desproportzionatuta egotea eragiten du. Alde bat ilun dagoen bitartean, bestea argi dago, eta horrek gehiegizko kontraste handia eragiten du. Dena den, irudia argi ikusten da, ez dago subjektua eta bestelako elementuak ikusteko arazorik.
Bestalde, ahotsa argi entzuten da, ulertzeko ez da zaila, baina hobetzeko aukera bazegoen, ahotsa jasotzeko beste metodo bat erabilita.
Kamerak egiten dituen mugimendu xumeek ez diote ezer aportatzen elkarrizketari ezta ikusentzunezko produkzioari. Soberan daudela iruditzen zait, hobe zukeen kamerazainak kamera geldi eduki.
Carlos Fernandez Liriak inmigrazioaren gaia eta, zehazkiago, inmigranteak nola dauden ikusita azaltzen du. Nola saiatzen diren inmigrazioa ekiditen, zein den inmigranteek duten irudia... Horrez gain, herrialde indartsuen zapalkuntza, kolonialismoa... kritikatzen ditu.

jueves, 7 de octubre de 2010

Locura masiva


Komunikazioaren mundua oso eraginkorra da, dagoen metodorik eraginkorrena, beharbada. Eta  pentsatzekoa da zure esku artean halako zerbait duzunean, erabili egingo duzula. Gero, ematen zaion erabilera modu batekoa edo bestekoa izan daiteke, zintzoa ala gaiztoa. Bigarren aukera horretatik jo dute hedabideek, manipulazioaren eta engainuaren bidetik, beraiek nahi dutena gure buruan sartzearen bidetik.
Hori ez da batere ona gizartearentzat, ez, baina are larriagoa da egoera, ez baikaude manipulazio horretarako hezita, ez dugu etengabe jasaten dugun engainuaren berri. Ezin badira hedabideen gaiztakeriak gelditu, bestelako bide batetik jo beharko da, bestelako konponbide bat bilatu. Eta heziketa litzake lehen pausoa. Txikitatik eskolan mundu horren berri emango balute, zerbait aurreratua izango genuke. Baina askoz ere indartsuagoa da komunikabideen mundu faltsua, egunean zehar askoz ere gehaigo baitago gure begietan edo gure belarrietan.
Bideo honek horren berri ematen digu, masa komunikazioaren jarrera manipulatzailearen berri, baina ekimen bakar batekin ez goaz inora. Horrelako eduki asko beharko genituzke eragina izateko. Eta, gure zoritxarrerako, komunikabideetan azaldu beharko lirateke. Jai dugu!