jueves, 16 de diciembre de 2010

Lotsagarria baina, agian, eraginkorra

Azkenaldian bueltaka ibili da jendearen ahotan eta baita hedabideetan ere "Manu a Manu" saioan Iñaki Perurena harrijasotzaileari egin zioten elkarrizketa. Arrazoia, ordea, ez da ederrena izan. Eta ez dakit kazetari bati gustatu beharko litzaiokeen halako kontu batengatik ezagun egitea. Baina hala egin du saioaren aurkezleak, Manu Redondok.
Gure gaiak ikusentzunezko edukien azterketa eska dezake, baina kasu honetan ezinezkoa da horretan zentratzea, inguratzen duen guztia kontuan hartuz gero. Hala ere, aipatuko dugu hautatutako lekua (Perurenaren etxe-museo zoragarria) ezinhobea dela, eta irudia ondo hartuta dagoela orohar, nahiz eta aurkezlearen irudiak itzal gehiegi duen. Audioaren aldetik ere arazorik ez.
Baina goazen harira. Argi eta garbi esateko, Manu Redondoren jarrera eta elkarrizketa lotsagarria da erabat. Uneoro dabil probokatu nahian, gai polemikoak atereaz eta txorakeriak galdetuz, eta errespeturik ere ez du erakusten. Aurpegira barre egiten dio historiako harrijasotzaile handienetako bati, handiena ez bada. Jarrera erabat probokatzailea eta errespeturik gabekoa izan zuen aurkezleak elkarrizketa horretan.
Horrez gain, nabari zaio gaiaren inguruan inolako jakintzarik ez duela, eta are grabeagoa dena, ez zen batere dokumentatu elkarrizketa agin aurretik. Hori dela eta, gai nagusitik aldendu eta bestelako kontuak mahairatzen ditu, gehienetan gai polemikoak, absurdoak edo txorakeria hutsak direlarik.
Elkarrizketaren beste aldean Iñaki Perurena dugu, sekulako erakustaldia eman zuena (harriak jasotzen bezalaxe). Lasai mantendu zen (ez dakit nola ez zion zartako bat eman) eta maisutasunez hitz egin zion, bere ezagutza eta aurkezlearen ezjakintasuna agerian utziz.
Lotsagarria izan zen erabat aurkezlearen jarrera. Baina, beharbada, on egingo dio (nola dagoen mundua!). Izan ere, polemika ikustea gustuko du jendeak, eta Manu Redondoren jarrera probokatzaileak erakarri ditzake hurrengo saioak ikusteko. Gainera, ez da ahaztu behar elkarrizketaren bideoak sekulako arrakasta izan duela Youtuben (200.000tik gora bistadizo ditu) eta gizartean orohar, ahoz aho igaro baita elkarrizketa lotsagarri baina, agian, eraginkor hau.

No hay comentarios:

Publicar un comentario